2013/05/27

INDIATIK BUELTAN



INDIATIK BUELTAN

Gure lau abenturazaleak, Asier Bilbao, Jon Basante, Luken Eskauriatza eta Itziar Manero Indiara egin dute bidaia, hango bizimodua sakonki aztertzeko asmoz. Esperientzia paregabea bizi izan dute bertan. Bidaia honek oihartzun asko sortu du jendearen artean, izan ere sekulako arrakasta izan du eta liburu bat ere atera dute haien bizipenak kontatuz. Lau lagunak prest egon dira bidaiaren berri emateko.

Zer moduz joan zaizue Indiatik?
ASIER: Indiatik pentsatzen genuen baino askoz hobeto joan zitzaigun, nahiz eta egun asko ez izan (10 egun) Vicente Ferrer Fundazioak bertan garatzen dituen proiektuak ondo ezagutzeko denbora izan genuen. Bertakoek oso ondo eta pozik jaso gintuzten, beraientzat gu bezalako gazteak euren proiektuak bisitatzeak asko pozten baitzituen. Gu ordea jasotakoa eskertzen saiatzen ginen. Nahiz eta beti eduki dugun bizimodua-rekin jarraitzen dugun, bertan ikusi genuena hemen ditugun gauzak gehiago baloratzea eragin digula uste dugu .

Imajinatzen zenuten bezala bizi dira han?
ITZIAR: Anantapurrera joan aurretik bagenuen hango bizitzari buruzko informazioa. Hitzaldiak entzun eta proiektuan lan egin ondoren ideia bat egin ahal izan genuen hango bizitzari buruz. Hala ere, hara zoazenean imajinatzen duzuna motz geratzen da errealitatearekin alderatuta. Argazkietan ikustea gauza bat da, baina pertsonan ikustean eta bertakoekin hitz egitean konturatzen zara zein den benetan euren egoera.

Egiazkoak dira ditugun beraiei buruzko estereotipoak? Adibidez?
JON: Ez dakit zehazki zer esan nahi duzuen beraiei buruzko ditugun estereotipoei buruz, baina bai esan ahal dizuet hango jendea, guk daukagun aberastasuna baino askoz gutxiago edukita, eskuzabala izatea zer den irakatsi zigutela egiten genituen bisita guztietan opariak emanda eta inon baino hobeto tratatuz, egia esan, bisita gehienetan hain ondo tratatzen gintuzten, lotsa ematen zigula haien opariak hartzea, eta hau hartzera eramaten zigun arrazoi bakarra, errespetura ez faltatzea zen. Estereotipo giza haien pobrezia hartzen badugu, ba bai, egia da haietaz pentsatzen duguna, baina naiz eta gu baino diru gutxi eduki, gu baino hobeto dakite dibertitzen, hobeto esanda, gu baino gauza askoz gutxiagorekin dibertitzen dira. Beste alde batetik, egia da generoen arteko berdintasunean, gurekiko askoz atzeratuak daudela naiz eta gu egon ginen tokian feminismoa indarra hartzen egon, oraindik bide luzea gelditzen zaie emakumeei merezi duten errekonozimendua lortzeko. Honez gain, Indiako biztanleria, gure erdi aroko biztanleria bezala dago banatuta, hau da, gure antzinako nobleak edo kleroko gizonak, haien brahmanak dira eta gure nekazariak, haien shudrak dira. Antzekotasun hauek duela 300-400 urte edukitzea normala iruditu ahal zen baina oraindik banaketa hori egoteak ez dauka zentzurik, eta are gutxiago dalitak egotea, dalitak, lehengo esklaboen antzekoak dira, ez dira biztanle bezala kontuan hartzen eta gainera hauek ukitzea edota haien itzala zapaltzea desohore bezala hartzen da eta dalit bat bihurtzen zara haiekin kontaktuan sartzen bazara.

Nola izan zarete han jasoak?
LUKEN: Hasieratik izan ginen ondo jasoak. Heldu eta gutxira, gure zain zeuden “land rover”-ak Anantapurrera eramateko prest eta egunero-egunero proiektu bat bisitatzerakoan jainkoak izango bagina bezala hartzen gintuzten, guk haiengatik ezer egin ez bagenu ere. Oso momentu gogorra izaten zen, guk ez genuelako horrelako harrerarik merezi eta eguna bukatzerakoan denok aipatzen genuen berdina: “Ez dugu hau merezi”.

Nola bizi dira han zuek bezalako gazteak?
ASIER: Indian gazte gehienak (neskak batez ere) lehen hezkuntza amaitu ondoren etxean lan egiten hasten dira. Eskolak herri askotatik oso urrun baitaude eta familia askok ez daukate garraioa ordaintzeko diru nahikorik., beraz, gaztetatik lanean hasten dira familia laguntzen. Beste batzuk aldiz, normalean familia aberatsagoan bizi direlako, bigarren hezkuntza ikasteko aukera izaten dute eta hauetako gutxi batzuk Indiako hiri handietako unibertsitateetara joaten dira ikasten. Unibertsitatean sartzea oso zaila eta garestia izaten da.

Zer ikusi duzue?
ITZIAR: Vicente Ferrer Fundazioak Anantapurren gauzatzen ari den proiektua gure begiekin ikusteko aukera eduki dugu. Eremu desberdinetan (emakumea, hezkuntza, osasuna, ingurugiroa...) burutzen ari diren lan izugarria, lehenengo fruituak ematen ari dena jada. Erakundearen eskolak, tailerrak, etxeak, ospitaleak eta lantegiak bisitatu ditugu eta bertako pertsonekin hitz egiteko aukera izan dugu. Gainera, denbora libre pixka bat eduki dugu baita ere eta fundazioaren lanaz gain, Anantapurreko biztanleek daramaten eguneroko bizitzaren lekuko izan gara, denetik ikusi dugu: jendez beteriko kaleak, trafiko eroko errepideak, kolore guztietako sariak zeramatzaten emakumeak, hogei pertsona inguru eramateko gai ziren ricksawak, jainko desberdinen irudiz beteriko tenplu alaiak, kaleko merkatuak non denetariko produktuak saltzen ziren, merkatuetan lapurretan aritzen diren tximinoak, bi metro karratuko ile-apaindegiak...

Zer ikasi duzue?
JON: Haien kultura eta bizimoduari buruz ikasi dugunari buruz aparte, gustatuko litzaidake ikasi ditugun bi gauza garrantzitsuenak bakarrik aipatzea, izan ere bi gauza hauetaz ondo mentalizatu ezkero, beste gauza guztiak liburuetatik ikas daitezke. Lehenik eta behin, lehen esan bezala, ikasi dugun gauzarik garrantzitsuenetariko bat, poztasuna ez dagoela ditugun ondasunetan, bizitzarekiko dugun ikuspegian baizik izan da, izan ere hemengook gero eta gauza gehiago ditugu eta hala ere ez gara inoiz asetzen, Indian berriz baloi batek, herri osoko umeei balio die eguna pasatzeko. Baina nire ustez, ikasi dugun gauzarik garrantzitsuena izan da, guk hemendik, ia sofatik mugitu gabe egindako ekintza on txiki batek, nola aldatu dezakeen ume baten, edota herri oso baten etorkizuna, izan ere ezin duzue ezta imajinatu ere nola aldatu ahal dion bizitza neska bati bizikleta bat erosteak, laburki azalduta, hango bizikleta bat, 60€ balio du eta neska bateri, eskolara egunero joateko aukera ematen dio, egunero hainbat kilometro egin behar dituztelako eskolaraino irizteko, gainera bizikletan doazenez, eskolatik bueltan, bortxatuak izatea ekiditen du. Guk ez genuen inola pentsatu ere hain gastu txiki batek hain eragin handia izango zuenik hango neska batengan.

Zer eman diezue hangoei?
LUKEN: Joan baino arinago esan ziguten ez zela egokia bertako jendeari ezer oparitzea. Kultura ezberdina denez ez dago oso ondo ikusita kanpotarrek opariak ematea umeei edo bertako edonori, baina India utzi behar genuen egunean bakoitzak bertara eraman zituen antibiotiko, krema edota zauriak sendatzeko botikina utzi genituen Vicente Ferrer Fundazioan. Han beharrizan gehiago zutelako guk genuena baino.

Eta haiek zuei zer eman dizuete?
ASIER: Guk eurengandik jasotakoarekin konparatuz gero guk eman dieguna ez da ezer izan. Indiara joateko aukera emateaz aparte bidai guztian zehar gurekin egon dira gure beharretara egokituz. Gainera, herrialdeari buruz mota guztietako azalpenak eman dizkigute eta edozein arazoren aurrean laguntzeko prest egon dira. Momentu askotan jasotzen genuen tratu ona gehiegizkoa zen.

Zer egiten du Vicente Ferrer fundazioak han?
ITZIAR: Vicente Ferrer fundazioak Indian ahazturiko nekazal lurralde bateko gizartea laguntzeko proiektu arrakastatsu bat darama aurrera. Lan honetan lau eremu orokor bereiz ditzakegu: hezkuntza, osasuna, emakumea eta ingurugiroa. Gizarte bat aurrera ateratzeko lau oinarri horiek funtsezkoak direla argi daukate, aldaketa zutabe horietan oinarritu behar dela alegia. Bertan lanean ari diren boluntarioei eta fundazioa finantzatzen duten milaka eta milaka pertsona eta erakundeei esker, Vicente Ferrer-ek hasitako lana aurrera doa. Helburu nagusia gizarte hori haren kabuz aurrera irteteko gai izatea da, ume guztiei hezkuntza bat bermatuz, biztanleria osoari osasun zerbitzu bat emanez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortuz eta Indiako lurralderik lehorrenean nekazaritza sostengarria sustatuz.

Merezi al du esperientziak?
JON: Bai, izugarri merezi du, ni, eta klaseko ikasle gehienek uste dut, etorkizunean itzultzeko asmoa dugu gauzak nola aldatu diren ikusteko eta hango egoera beste begi batzuekin ikusi ahal izateko eta gauza gehiago ikasteko.

Errepikatuko zenukete?
LUKEN: Duda gabe, uste dut esperientzia izugarria izan dela guztiontzat eta errepikatzeko gogo handiekin itzuli gara. Nire ikuspuntutik esperientzia bikaina izan da eta hurrengo batean buelta egiteko pentsamendua sartzen bazait bitan pentsatu gabe hartuko nuke hegazkina eta oraingoan Indiako leku desberdinetara joango nintzateke, iparraldetik hegoaldera joango nintzateke abentura bila.

Zerbait egin duzue ikusi eta ikasitakoarekin? Libururen bat agian?
ASIER: Indiara joan baino aste bat arinago gure irakasleak bertan ikusiko genuenari buruz idaztea proposatu zigun ondoren bakoitzaren bizipenekin liburu bat egiteko. Ideia ona iruditu zitzaigun eta ikasle bakoitzak proiektu bati buruz idaztea proposatu zigun. Bisitan zehar apunteak hartu genituen eta Bilbora bueltatu eta aste batzuetara ikusitakoarekin eta lortutako informazioarekin idazten hasi ginen. Udazkenean idatzitakoa bidali genion gure irakasle ohiari eta badirudi gustatu zitzaiola. Berak sarrera luze bat idatzi eta argitaletxe batekin berba egin zuen guk egindakoa liburu moduan publikatua izateko. Azkenik, Otsailaren hasieran gure liburua argitaratua izan zen “Yo no monté en ricksaw” izenburuarekin.

Badaukazue beste zerbait egiteko asmorik gai honen inguruan? Zer?
ITZIAR: Gabonen aurretik egutegi bat ibili ginen saltzen. Egutegia bidaian zehar ateratako argazkiekin egina zegoen eta ale guztiak saltzea lortu genuen. Liburua beranduago hasi gara saltzen eta oraindik ale batzuk geratzen zaizkigu, nahiko saldu baditugu ere. Bi ekintza hauekin lorturiko dirua VFF-aren beste proiektu bat finantzatzera bideratuko dugu, kasu honetan, eskola bat eraikitzea da helburua. Helburu hau lortu ostean ez dakigu zer etorriko den, baina ez dut uste fundazioarekin dugun harremana moztuko denik, baliteke beste proiekturen baten parte hartzea. Oraingoz liburuen salmentan gabiltza, aurkezpenen bat egiten, hitzaldiak, elkarrizketaren bat...

Zein leku bisitatu duzue? Kontaiguzue zerbait leku horietaz hara joaten animatzeko.
JON: Gure bisitan, Anantapur-en egon ginen, hau Indiako lekurik pobreenetarikoa da, pobreena Vicente Ferrer ailegatu baino lehen. Oso euri gutxi egiten du bertan, gainera montzoien eremutik kanpo dago, beraz, Indiako beste lekuek daukaten uholde arriskua baino gutxiago du, hortaz, joateko gogoa baldin baduzue, jakin ezazue ez duzuela arriskurik pasako bertan. Kontuan eduki behar den gauza bakarra egiten duen beroa da, baina bi gauzatxo hauek ez dute inporta kontuan hartuta hango jendea ezagutuko duzuela. Nire ustez, ez dauka garrantzia handirik lekuari buruz hitz egiteak, izan ere bisita honen garrantzia, bertako bizimodua eta kultura ezagutzeak baizik. Indian inoiz ahaztuko ez dituzuen gauzak ikusiko dituzue, ni, pertsonalki, Europa osoan izanda nago eta baita Amerikan ere, baina batek ere ez du merezi India bezain beste.

Hemen oihartzuna izan al du zuen bidaiak?
LUKEN: Indian geundenean irakasleak bakoitzari bertan ikusiko genituen proiektuak banatu zizkigun, guk oharrak hartzeko eta ondoren Bilbon liburu bat egiteko asmotan. Liburua egin genuen uda on bat pasa eta gero eta jada badago martxan, gainera liburuaren publizitate handia egin du Iñakik (gurekin etorritako irakasleak) bai irrati saioetan eta baita liburu dendatan. Beraz, esan daiteke, oihartzun txiki bat izan bada ere, gure bidaia komentatua izan dela jendearen artean.

Zer esan dizuete zuen ingurukoek zuek egindakoaz?
ASIER: Bidaia egin baino arinago jende askok zoro batzuen moduan ikusten gintuen (irakaslea batez ere) ez baita batere ohikoa institutu bateko talde bat horrelako bidai batera joatea. Ingurukoek batez ere aukera ondo aprobetxatzeko esaten ziguten. Bidaiatik bueltatzean eta liburua argitaratzean, ingurukoek zorte izugarria eduki dugula esan digute oso interesgarria iruditu baitzaie bertan kontatu duguna eta adibidez gure pasadan urteko irakasle batek liburua irakurtzean hunkitu egin dela kontatu digu.

Zerbait gehiago kontatu ahal diguzue?
ITZIAR: Bidaiari buruzko liburua eskuragarri duela nahi duenak. Bertan bisitatu genituen proiektuak azaltzen ditugu zehaztasun handiagoz, gure pentsamendu eta inpresioekin batera. Hango bizitza errazago ikusteko argazkiak ere baditu. Hamabost euro kostatzen da, lehen hezkuntzako eskola bat eraikitzeko erabiliko direnak, beraz jendea animatzen dugu liburua erostera eta bide batez Vicente Ferrer Fundazioaren lana hobeto ezagutzera.
Mila esker zuek bizitakoa guregana kontatzera etortzeagatik eta segi bide horretatik.

           IRATI CABRERA eta OLATZ LOPEZ (4.DBH)


     


     


   


           


               

 






No hay comentarios:

Publicar un comentario