2013/05/28

ERLANTZ



ERLANTZ FERNÁNDEZ

“Klasera etortzea baino antzerkia nahiago dut”

Erlantz Fernández aurten Solokoetxera etorri zaigun ikaslea da. 4. mailan dago DC taldean. Baina bere benetako zaletasuna antzerkia da. Eta horren inguruko bere esperientzia eta bizipenak kontatuko dizkigu.

Egun on, Erlantz! Hemengo irakasle baten bidez antzerki munduan murgiltzen zarela jakin dugu, eta jakin-mina sortu zaigu.

Noiz eta nola erabaki zenuen antzerkia lantzea? Nondik jatortzu zaletasun hori?
Txikitan zinema asko gustatzen zitzaidanez,  gurasoek  antzerkia  egiteko esaten zidaten,  baina nik ez nuen nahi: beti ezetza ematen nien. Baina, urte batzuk, beno, asko pasatu eta gero, ez dakit gurasoen mezua ondo barneratuta eduki nuelako edo, animatu nintzen, eta hastea erabaki nuen.

Antzerki talde batean aritzen zara, ezta? Nola deitzen da? Zenbat pertsonek osatzen duzue? Gehienak emaku-mezkoak ala gizonezkoak zarete? Adin guztietako partaideak daude?
Bai. Gure antzerki eskola Anima deitzen da. 16-18 urte bitarteko gazteok, gehienak emakumezkoak, osatzen dugu taldea. Bai entseatzeko, bai antzezteko, talde ezberdinetan banatzen gara, eta banaketaren irizpideak, gehienetan, eskolan daukagun esperientziaren araberakoak dira.

Astean zenbat aldiz entseatzen duzue? Non?
Normalean 3 ordu entseatzen dugu ostiralero. Baina, obra estreinatu baino aurreko egunetan 4 edo 5 ordu ematen dugu, azkenengo detaileak ondo finkatzeko. Entseguak eskolan bertan egiten ditugu.

Arazoak dituzu ikasketak antzerkiarekin uztartzeko?
Ez, ez daukat arazorik. Nire bizitzan ikasketak alde batean daude, eta antzerkia, beste batean. Hala ere, funtzioren bat eskola egun batean egin behar izatea tokatzen bada, antzerkia egitea nahiago dut klasera etortzea baino.

Zein motatako obrak  antzezten dituzue? Nork erabakitzen du aukeraketa?
Mota guztietako obrak antzezten ditugu. Gehienak humorezkoak dira, baina ez dira bakarrak: aurten, adibidez, drama bat antzeztuko dugu. Askotan, ideia berriak inprobisatzen dugunean jaiotzen dira. Hala ere, aukera batzuen artean zalantzatan gaudenean, azkenengo erabakia zuzendariak hartzen du: bera da, azken finean, mundu hau ondoen ezagutzen duena.

Zeintzuk pertsonaiak antzeztu dituzu orain arte? Zein izan da gustokoena? Zergatik?
Ba, lehengo paperean katua izan nintzen: kartzelan sartzen zuten katu bat. Eliz mutila, ere, izan naiz, galtzagorria, Lorca, eta Tapón. Azkenengo hau da nire pertsonaiarik gustukoena. Tapón lapur txiki bat , eta asko maite dut.

Zer sentitzen duzu ohola gainean: urduritasuna, beldurra, erosotasuna, lasaitasuna…?
Ohola gainean lasai sentitzen naiz. Benetan gustukoa dudana egiten dut, eta ondo irtetea nahi badut, ezin naiz urduri egon.

Zein lekutan antzeztu duzue? Zein izan da betegarriena? Zergatik?
Hainbat lekuetan: Anima eskolan bertan, Campos antzerkian, eta Madrilen ere antzeztu dugu. Nire gustukoena Camposena izan zen, zalantza barik. Antzerki  handia da, eta  jendez inguratuta egotea harrigarria, eta hunkigarria izan zen niretzat.

Aukerarik badaukagu zuen lanetariko bat youtuben ikusteko?
Pentsatzen dut baietz. Uste dut Casa Rural izeneko antzezlana eskegita dagoela, baina ez nago ziur, beraz,  begiratu beharko litzateke. Horretan eliz mutilaren papera antzeztu nuen.

Etorkizunerako proiekturik? Inoiz pentsatu duzu profesionala izatea?
Momentuz ez diot profesionaltasunari begiratzen, baina, egia esanda, ez dut baztertzen. Ikusiko da! Bai daukaguna da etorkizunerako oso proiektu interesgarria: Bajos fondos, Maximo Gorkirena. Oso lan polita da baita zaila ere, beraz, indar eta gogo handiz ekin beharko diogu idazleari ez defraudatzeko.

Eta, amaitzeko, zer gomendatuko zenioke mundo honetan hasteko gogoa daukan bati?
Ba… Niri esaten zidatena esango nioke antzerkian hasteko gogoa daukan edonori: “Animo! Bota igerilekura, eta saiatu ahalik eta hoberen egiten”.

Eskerrik asko, Erlantz. Espero dugu laster zuen antzezlanen bat ikusteko aukera edukitzea.

GARAZI eta AINHOA (DC ikasleak)

No hay comentarios:

Publicar un comentario