2013/05/29

AHOZKOTASUNA LANTZEN



AHOZKOTASUNA LANTZEN

Ikasturteko bukaerara iristen ari garela urtean zehar bertsolaritzan egindako lanaren erakustaldien garaietara iritsi gara. Ahozkotasuna lantzeko asmoz ikasleek bertsoak sortu, bertsoak kantatu, doinuak buruz ikasi eta besteen aurrean aurkeztu eta kantatu dituzte.

Gelaz gelako lanen aurkezpenak egiten hasi dira 2.mailako ikasleek. 

Saioek hiru atalez osaturik daude:


  1. Lehen atalean bertsolaritzaren historian murgildu dira ikasleek. Bertsolari klasikoen bertsoak eta lanak aurkezten dituzte.
  2. Bigarren atalean urtean zehar landutako bertso eta lan motak erakutsi dituzte. Honetan gelan sortutako bertsoak eta bertsolariak bailiran aritu dira gaiak emanda, oinak emanda, eta abar.
  3. Hirugarren atalean kantagintzari tartea emanez, oso ezagunak diren bertso eta kantak aurkeztu dituzte, entzuleekin kantuan aritzeko. Beste kantu ezagunen artean “maritxu nora zoaz” bezalakoak kantatu dituzte.

Ikasle guztiek hartu dute parte, batzuk aurkezleak, beste batzuk bertsolari zaharren irudira, beste batzuk benetako bertsolariak bailiran.

2.A gelako taldeari Karmelo ikastolara joatea egokitu zaio. Han PPT baten  laguntzaz beraien lanaren aurkezpena egin dute. Primeran joan da. Oso urduri egon dira, baina saio polita burutu dute. 

2.B taldeko lana Atxurin izan dute ikusgai. Hemen  ere urduritasuna airean ibili da.  Arin batean eginda ere, saio dotorea aurkeztu dute. 

2.C taldeko lana oraindik aurkezteko dago. Laster izango da ikastalde honen aurkezpena. Talde honi Txurdinaga Beheko ikastetxera joatea egokitu zaio, eta ekainaren 6an burutuko dute emanaldia. Primeran aterako da!!!

Aurtengo ekitaldien berrikuntza nabarmenena teknologia berrien erabilera izan da. Lagungarria ikusleek zer kantatzen duten jarraitzeko, eta bide batez garaiko argazkiekin saioa apaintzeko.

              MARIBEL


   
   
   

   

   

   

   
   
   





NEKANE



ESPAINIA, EMAKUMEAREN BEGIETATIK

1925eko uztailaren 14an jaio nintzen, Extremadurako herri txiki batean. Nire gurasoak nekazariak ziren eta gogor egiten zuten lan handikia zen nagusiaren lurraldean. Ni bost neba-arrebetatik hirugarrena nintzen eta nire arreba nagusiak  txikienak zaintzen zituen bitartean, nire gurasoak eta neba nagusia goizeko lehen orduetatik iluntzeko azken orduetara ibiltzen ziren laborantzan. Besteok, etxean gelditu behar izaten genuen, eskolara joateko aukerarik ez genuelako. Gure herrian, horren txikia izanik, ez zegoen eskolarik; eliza handi bat, ordea, bai. Hura eder ederra zen, harrizkoa eta kanpandorrearekin eta guzti. Udaberrian zikoinak kabi eder bat eraikitzen zuen elizaren alderik altuenean, bere kumetxoak salbu hazi ahal izateko.

Egunero joan behar izaten genuen elizara, doktrinara, bestela kriston jipoiak jaso behar izaten genituen haurrok. Botere handia zuen apaizak herrian eta bertakoek begirune handia zor genion.

Ni jaio baino bi urte lehenago, 1923aren irailaren 13an, Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea eman zuen Espainian, Alfonso XIII Espainiako erregea tronuan jarraitzen zuen bitartean. 1930 urtera arte iraun zuen diktadura faxista honek, nolabaiteko onurak izan zituen Extremaduran, esaterako, errepideak, zubiak, ferrokarrila… eraiki ziren eta nekazaritza mailan kolonoen lurrak banatu egin ziren nekazarien artean. Hala ere, azken neurri hura, ez zen gure herrira heldu. Garai horretan eskola berri batzuk zabaldu egin ziren Extremaduran ere, baina ni bezala, familia gehienak analfabetoak izaten jarraitu genuen

Diktadura amaitu baino zertxobait lehenago, aita tuberku-losiaz jota hil egin zen; arrunta zen oso gaixotasun hura herritarren artean, eta bai haurrak, gazteak, helduak zein zaharrak eritasun horregatik hil egiten ziren ia egunero.

Gainera, horren behartsuak ginenez gero, ez ginen ondo elikatzen eta oso arrunta zen gaixorik egotea.

Aitaren eskulanik gabe, ama, neba nagusia eta arreba nagusia lurra lantzen aritu behar izan ziren, ni etxeko txikiak zaintzen nituen bitartean. Baina egoera honek ez zuen luze iraun, izan ere, lur-jabeak, bertatik alde egin zuen eta familia ahora eramateko ezer izan gabe geratu ginen. Amak, beraz, zera erabaki zuen: ni eta nire neba-arreba txikiak hirira eraman gintuzten monjeen komentu batera bizitzera. Hura aldaketa handia suposatu zuen nire bizitzan, ordutik aurrera amaren berririk izan ez eta umezurtz geratu nintzelako.

Horren bitartean, diktadurak indarra galdu egin zuen desagertu arte eta 1931ko apirilaren 12an hauteskundeak ospatu ziren. Errepublikarrek Espainiako II. Errepublika osatu zuten, Manuel Azaña presidente zelarik, eta Alfonso XIII erregea erbesteratu egin zen. Extremaduran poztasun handiarekin aldarrikatu zen Errepublika, izan ere, ordura arte lurjabe handi gutxi batzuk eta lurrik gabeko nekazari behartsu pilo bat ginen bertan. Askok uste zuten, egoera politiko berri horrekin desberdintasun sozial hura hobetu egingo zela. Eta horrela izan zen, berehala jornalari eta itzainentzako hobekuntzak zituzten dekretuak onartu egin baitziren: laneguna zortzi orduetara murriztu, soldata handitu, bertakoak preferentziaz kontratatu, landu gabeko lurrak bi urtez nekazariei utzi…

Hala ere, inpaktu handien suposatu zuen neurria 1932ko Laborantza Erreforma izan zen. Lege horren bidez, latifundioak desjabetu eta nekazari zein jornalariei eman zitzaizkien lur haiek ustiatzeko. Baina ez zen erraza eta arina izan bilakaera hori eta herritar gehienak langabezian jarraitu zuten. Hori dela eta, egoera horrek liskar ugari sortu zituen nekazari eta Guardia Zibilen artean.

Errepublikak iraun zuen bitartean, hamar bat urte nituela edo, hirian jarraitzen nuen, monjeen komentuan. Han eguneroko bizitza ez zen batere goxoa izan. Mojak etengabe ibiltzen ziren ni bezalako neskatoei hau eta bestea egiteko agintzen. Garbiketak, ortuaren zainketa, etxeetara jakiak eta bestelakoak eskatzera… bidaltzen gintuzten. Hori bai, zigor eta kolpeen artean, irakurtzeko eta idazteko parada izan nuen ere.

Hamaika urte bete eta lau egunetara, 1936ko uztailaren 18an, hain zuzen ere, Franko jeneralak estatu kolpea eman zuen. Horrek errepublikar eta faxisten arteko Gerra Zibila piztu zuen. Guda odoltsu hartan militarrek errepresio neurri itzelak ezarri zituzten: epaiketarik gabeko fusilamenduak, hautazko atxiloketak, epaiketa sumarisimoak, ondasunen konfiskazioak, purgazioak, ile-mozketak, irainak emakumeei… Extremaduran kontzentrazio-esparru ugari eraiki ziren eta bertara eramaten zituzten atxilotutako errepublikarrak. Atxilotuak ez izateko eta errepresio neurriei beldurra zitzaielako, berriz, errepublikar familia pilo Frantziara eta Europako beste herrialdeetara erbesteratu behar izan zuten.

Gerra Zibila amaitu zenean, 1939ko apirilaren 1ean, errepublikar milizianoez osaturiko talde batzuk Extrema- durako mendilerroetan ezkutatu ziren makiak (talde antifrankista) bezala borrokatuz 1946. urtera arte.

Gudaren ondorio ekonomiko, moral, sozial, politikoak… oso latzak izan ziren. Extremaduran bi bandoetako 12.000 pertsona inguru hilik suertatu ziren eta Espainia osoan 630.000 izatera iritsi ziren. Hurrengoko bi hamarkadetan pobrezia, gosea eta miseria izan ziren nagusi.

Diktadura frankistaren garaia iluna izan zen oso. Dena zegoen debekatuta, dena zen bekatua… gazteak ginenontzat ez zegoen askatasunik dibertitzeko eta nahi genuena egiteko. Elizak, gainera, kriston boterea izaten jarraitzen zuen eta otoitz egitea eta aitortzea guztiz derrigorrezkoa zen. Behin, oroitzen dut nola apaizari bekatuak aitortzen nengoela bere gainean esertzeko eskatu ninduela eta eskua sartzen hasi zela. Nik momentu horretan ez nekien zer egin behar nuen, normala zela uste nuen, baina ez zitzaidan bat ere ez gustatu egoera hori eta hortik aurrera aitortzera ez joatea erabaki nuen.

Hogei urte nituela, mojek behin eta berriz eskatu zidaten beraiekin geratzeko, moja izateko, hain zuzen ere. Orain nire adinarekin pentsatzen dut neskame gisa nahi nindutela, musu-truk lan egiteko. Nik ordea, ez nuen nahi izan eta komentutik alde egitea erabaki nuen. Hasieran, hirian bizi zen lehengusina baten etxera joan nintzen eta bere laguntzarekin aberats batzuen etxe batean hasi nintzen lanean neskame gisa. Egoera berri horrek nolabaiteko egonkortasuna eman zidan orduko diktadura garaian eta mutil gazte bat ezagutzeko aukera izan nuen. Oso ederra iruditu zitzaidan garai hartan eta guztiz normala eta naturala zen gaztea izanik ezkontzea. 26 urte nituela ezkondu ginen azkenean eta bere gurasoen etxean bizitzen hasi ginen. Orduan ezagutu nuen nire benetako gizona. Egun osoa edaten ematen zuen eta ez zuen lanik egiteko gogorik ezta indarrik ere. Beraz, etxetik at lan egiten jarraitu behar izan nuen. Eta hori gutxi balitz, etxera iristen nintzenean gizona mozkortuta aurkitzen nuen eta niri oihuka eta jipoika hasten zen egunero. Gaur egun, zorionez, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak berehala joaten dira laguntza bila eta egoera salatzera baina nire garaian, etxean tratu txarrak jasotzea normala zela iruditzen zitzaidan, kalean inork ez zuen gai hartaz ezer ez komentatzen eta, noski, nik ez nekien hura salatu behar zenik ezta salatzeko eskubiderik nuenik ere.

Hiru seme izan nituen gizonarekin eta urteekin egoera ez zen batere hobetu. Haurrek, nik jasotako tratu txarrak jasateaz gain, beraiek ere jipoiak jasotzen zituzten. Nik lan eta lan jarraitu behar izan nuen bai geure etxean eta bai kanpoan ere.
           
1970ean, berrogeita bost urte nituela, senarra hil egin zen zirrosiaz jota. Ez nuen inolako penarik sentitu bere heriotzagatik baina hileta-elizkizunean eta kalean, emaku- meekin hizketan… alargun tristearen antzezlana egin behar izaten nuen.

Handik bost urtetara Franko diktadorea hil egin zen eta, horrekin batera, hogeita hamasei urtetako diktadura faxistari amaiera eman zitzaion. Demokrazia gailendu egin zen Espainian. Juan Karlos I erregea izendatu zen eta presidente bezala Adolfo Suarez hautatu zen. Etapa berri honetan gizartearen askatasuna eta eskubideak aldarrikatu ziren lau haizeetara; langileak lan hobekuntzak eskatu zituzten hainbat protesta eta greba eginez, erreprimituta bizi ziren hainbat eta hainbat familia kateak apurtu eta poztasuna erakusten zuten etxean zein kalean, emakumeak askatasuna izaten hasi ziren, elizaren eragina indargabetzen joan zen…

Hala ere, nik ez nuen horrenbesteko poztasunik bizi izan etxean. 80. hamarkada inguruan nire bi semeren portaera aldatzen hasi zen. Familia giroan afaltzeari utzi zioten, lagun berriak egin zituzten, berandu arte ez ziren esnatzen…

Diktaduratik irten berriak ginen orduan eta drogen asuntoa urruti zegoen geure pentsamenduetan. Hala ere, jendea marmarka hasi zen han-hemenka heroina zela eta ez zela, hiltzen ari ziren gazteak lapurrak zirela, txiroak zirela, marjinatuak zirela… Hori dela eta, arratsalde batean semeetako batekin hitz egiten hasi eta heroinaren menpe zeudela jakin izan nuen. Berri latza izan zen hura niretzat eta zulo beltz hartatik irteteko agindu arren ez zidaten oihu eta bultzadarik besterik ematen. Egunero izaten genituen istiluak bi seme haiek eta nire artean, ezin bainituen euren bizitza nola galtzen zuten ikusi eta isilik geratu. Baina ezinezkoa izan zen.

Beste semea, ordea, langile fina eta txintxoa izan zen eta ikasketak bukatu bezain laster lanean jarri eta etxetik alde egin zuen, bertan bizi genuen giroa jasan ezinik. Auzokideak ere ez gintuzten begi onez ikusten eta xuxurlaka aurkitzen nituen askotan, auskalo ze barbaridade komentatzen!!

Horrela igaro ziren urte batzuk, triste eta goibelak niretzako; haietako bat kartzelan sartu zuten lapurreta batean harrapatu zutelako eta bestea hiesa zela eta hil egin zen.

Bakarrik gelditu nintzen azkenean etxe zahar hartan, oso triste, atsekabeturik eta esperantzarik gabe. Baina orduan gelditzen zitzaidan semearen telefono dei bat jaso nuen egun zoragarri batean. Ezkonduta zegoela eta bi urteko alabatxo bat zuela kontatu zidan. Hura poztasuna!! Negar egiten hasi nintzen eta inoiz baino gehiago egin nuen gainera… baina oraingoan zoriontsu nintzelako!! Bere etxera bizitzera joateko eskatu zidan semeak eta hasieran enbarazurik egin nahi ez nuela esan arren, amore eman eta bertara joan nintzen. Zu ikusi zintudanean, iloba nirea, bizitzeak zerbaitetarako balio zuela konprenitu nuen azkenean… Eta begira, orain hemen naukazu nire bizitzaren gorabehera tamalgarri hauek gogoratzen… Badirudi gezurra dela baina ia mende bateko gure herrialdearen historia kontatu dizut, begiak eta belarriak izan behar guzti honetarako.


IRUZKINA

Emakume honen kontakizunarekin azpimarratu nahi izan dudana zera izan da: herrialde batean, Espainian kasu honetan, ia mende oso batean bizi izandako bilakaera politiko, sozial, ekonomiko eta erlijiosoa, batik bat.

Alde batetik, Alfonso XIIIgarrenaren erregetza abiapuntutzat harturik, Espainiako zenbait lurraldetan, -Extremaduran eta Andaluzian batez ere- bizi zen atzerakuntza soziala eta politikoa gogorarazi nahi izan ditut. Izan ere, XX. mende hasieran, latifundioetan oinarrituriko gizarte behartsu eta ahaztuaren egoera tamalgarria izan zen oso, industrian murgildurik zeuden Espainiako beste lurraldeekin alderatuz gero.

Beste alde batetik, mende hartan jazotako bi diktaduren garrantzia aipatu nahi izan dut, zein baino zein odoltsuagoa eta gogorragoa izan zirelako, batez ere, Franko jeneralak emandako estatu kolpearen ondorioz sorturiko Gerra Zibilagatik eta ezarritako errepresio itzelagatik. Giza eskubideak erabat zanpaturik geratu izan ziren ia lau hamarkadetan zehar, Europako gainontzeko herrialdeak demokrazian oinarrituriko politika burutzen zuten bitartean II. Mundu Gerraren ostean.

Bukatzeko, errepublika eta demokraziaren garaiak ere aipagarriak dira, zeinak Espainiako erregetzaren jarraitasuna kolokan jarri zuten, gizartearen askatasun eta eskubideak aldarrikatu zituzten eta herrialdearen hobekuntza ekonomiko eta politikoa bultzatu zuten.


BIBLIOGRAFIA

NEKANE MACHO (4.B)