EUSKAL HERRIKO IHAUTERIAK
Kristautasunaren egutegian Garizuma garrantzi handikoa da. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian penitentzia eta baru aro hau gogorra ohi zen; horregatik Garizuman sartu baino lehenagoko aldia alaiki ospatzen zen arau eta giza legeen gainetik, aro hitsa heldu arte. Dudarik gabe kristautasuna baino lehenagoko ospakizun zaharrak ere nahasi egiten ziren. Festa honek izen desberdinak ditu: iñauteak, iñauteriak, ihauteriak, iyoteak, ioteak, aratozteak, aretusteak, aratuzteak... azken hau -haragi uztea- Garizumako barauren iragarpena da. Inauterietan herriak mozorroz betetzen dira, izen desberdinak hartzen dituztelarik: atxo (Leitza, N), txatxo (Lantz, Imotz, N), mozorro/moxorro (Goñi, N), momoxarro/momotxorro (Altsasu, N), mamutxarro (Urdiain, N), muxixarko (Artzibar, Aezkoa, N), zomorro (Goizueta, N), maskak (Luzaide, N), txitxila (Artaxona, N), kukumarroak (Bergara, G), txantxo (Elduain, Berrobi, G), mozorrotuak (Lizartza, G), kokomarroak (Elorrio, B), kokoxak (Markina, B), marro jantzita (Gernika, B)... Gizarte arauak orain baino itogarriagoak ziren garaian inauteriek garrantzi handiagoa zuten; Inauterietan dena haizu baitzen, gizarte molde guztiak bestelakatzen ziren: eskale zena aberats bilakatzen, gizonezkoak emazte, laikoak elizgizon, apezak apezpiku... Iraultza hau ez zen agintarien gustukoa, jakina, horregatik behin eta berriz debekatzeko saioak egiten zituzten, edota zigor galantak ezartzen; adibidez 1.601. urtean Iruñeko (N) Inauterietan apez batek, kalean kardinalarena egiteagatik, gogorki ordaindu behar izan zuen: bi urtez hiritik erbesteraturik, urtebete lan eta soldatarik gabe eta isun bat ordaindu beharra. Hurrengo mendean debeku eta zigorrak gogortu ziren, baina hala ere inauteriek iraun zuten herriaren nahia zelako; XX. mende hasieran Tuterako (N) mozorroek -cipoteros- alkatea giltzaperatu zuten inauteriei hasiera eman ahal izateko. Espainiako gerlak (1.936-39) -Hegoaldea hain bortizki kolpatu zuenak- gure herrietako inauteri askoren suntsipena erakarri zuen, beranduago zenbait berpiztu badira ere Lantz (N) eta Altsasukoak (N) bezala. Behiala Garizuma baino lehenagoko hiru ostegunak ospatu egiten ziren. Lehenbizikoak izakunde (Baztan, N), aitakunde (Bidankoze, N) edo gizakunde (Uitzi, N) izena hartzen zuen, azken hau hedatuena zelarik; bigarren ostegunak emakunde/ andrekunde eta azkenak orakunde/orokunde. Inauteriak gizakundez hasten ziren; egun horretan zenbait herritan mutilek neskei, lepotik helduta, esaten zieten: zer aintzen diazu? Askatuak izan zitezen musu edo oparitxoren bat ordain eman behar zieten neskek. Emakundez gauza bera, baina alderantziz: neskek mutilei. Horrelaxe egiten zen Larraun (N) eta Araitz (N) ibarretan adibidez.Orakunde,guztien festa zen, Zigan (N) bezala. Beste herri askotan Zanpantzar izeneko pertsonaia erretzen zuten, Garazi aldean (NB) bezala edota Lapurdi aldean, Markitos Zalduondon (A) eta Oreitian (A), Aittun Aundiya eta Amiñ Txikia Arbizun (N), Antxon Zarkua Irañetan (N), Miel Otxin Lantzen (N), Gutierrez Beranturin (A) eta abar luze bat. | |
JOALDUNAK Ituren (N) eta Zubieta (N) herrietan iraun duten Inauteriak askoz hedatuagoak zeuden lehengo denboretan, Beintza-Labaien (N) herrian egiten zirelako berria ezaguna da, adibidez. Beintza-Labaienen punpak izena hartzen zuten, Ituren eta Zubietan aldiz joaldunak -zanpantzarrak-; ttunttu-rroak izena ere erabilia da, baina gutxiago, ttuntturroa buruan daramaten kaska izanik. | |
Astelehenarekin Zubietako joaldunek iturenda-rrei egiten diete bisita eta asteartean iturendarrek Zubietakoei. Aspaldian Iturengoak Doneztebera-ino (N) ere joaten ziren, horretarako Elgorriaga (N) herritik iragan beharra zuten, alkateari baimena eskatu ondoren. Honek, herrian hildakorik bazen ala ez kontuan hartuz, isilik ala joka iragateko esaten zien. Ez dute jantzi berdina iturendar eta zubietarrek, azken hauek ez baitaramate ardi larrurik lepoan, atorra zuria agerian bakarrik. joaldunaz gain gazte zenbait mozorroturik ateratzen da (haien artean, batzuetan, hartza eta azkenik era desberdinetan apainduriko gurdiak, baina dudarik gabe joaldunak dira ikusgarrienak; hauek, beren azantzaren bitartez, sorginak izuarazten omen dituzte zaharren ustez. | |
LANTZ Esan bezala pertsonaia bat erretzen duten Inauteriak asko dira, baina guztien artean Lantz (N) herrikoa famatuenetakoa da. Herriko mutilek mozorroturik -txatxoak-, korrika eta oihu handiak sortuz, haur eta neskei erasotzen diete, eskuetan daramaten erratzaz joka. Taldean zaldi itxurako bat -Zaldiko- eta oso dorpea den pertsonaia -Ziripot-. Zaldikok ostikaturik maiz eror-tzen dena, joaten dira. Txatxoak Ziripot lagundu eta Zaldiko lekutzen saiatzen dira. | |
Multzoan ere gazte batek erraldoi bat -Miel Otxin- darama lepo gainean. Bidean, txatxoek harrapatutako Zaldiko arotzek ferratuko dute bi aldiz, une desberdi-netan. Biharamunean, asteartez, bezperakoa errepi-katzen da, baina bazkalondoan -orain Zaldiko eta Ziripot gabe- Miel Otxin pilota lekura eramanik epaitu egiten dute. Gero txatxoek, joka erabilirik eta tiro bat botata, desegiten dute eta su ematen, zortzikoa bere inguruan dantzatzen dutelarik. | |
MARKINA Markinan (B) hartza da pertsonaia nagusia. Hartza eta bere zaindaria kalez-kale ibiltzen dira dantzariek lagundurik; hauek dantzari batek daraman zahagia joko dute makilekin behin eta berriz. herriko zagi-dantza egiterakoan. Arratsaldean antzar-jokoa egiten da. Antzara bat -hilik gaur egun- soka batetik dilindan jartzen da plazan eta zaldun batzuek, banan-banan azpitik pasatzerakoan, burua kendu behar diote besoen indarrez. Aitzinako denboretan Leitzan (N), Betelun (N), Lesakan (N) eta beste tokietan ere egiten zen; gaur egun Beran (Ñ) ere oraindik egiten da. | |
BOLANTAK Nafarroa Behereko inauterien adibidea Luzaidekoa da. Nafarroa Garaian egon arren, geografia eta hizkeraz baxenabartar herria baita. | |
Inaute aroa pasatu ondoren, Pazko zahar igandez -Bolant eguna- ospatzen da. Egiten den Kabalkada barnean pertsonaia bakoitzak bere tokia dauka. Hasieran zaldizkoak doaz, zaldi gainetik tokia irekitzen dutelarik ikusle artean. Makilariak, gainerako dantzaz gain, bere trebetasuna makilarekin erakutsiko duen dantza berezia du. Zapurrak lehengo armadakoen gisara jantzita daude, zurezko aizkora eramanez. Zuriz eta txapelarekin jantzitako neska itxura duten diganteak bi mutilek eramaten dituzte. Banderariak ere bi izaten dira ikurriña eta Luzaideko Gazteriaren bandera eramaten dituzte-nak. Gorriak festa inguruko xehetasunez arduratzen dira: soinulariak bilatu, ordaindu... haiek ere biltzen dute poltsa batean ikusleek emandako dirua. Kabalkadako azkenak, bi lerrotan, bolantak ditugu, ugarienak. | |
Kabalkadak goizetik hasten du bere ibilaldia, geldi-aldietan beren dantzak eginez: Hegi, Ostalerrak, Iautziak, Muxikoak, Sorgiñak, Kontradantzak, Euskaldunak, Iantza-luze... Arratsaldean, pilota-lekuan gaur egun, dantza guztiak errepikatuko dituzte berriz. Ondoren Axe ta tupina ager-tzen dira. Hauek bi gazte dira, nesken arropaz jantzita jositako buztan batekin, elorri arantzaz beterik eta eskua elkarri emanik sokatxo baten bidez; plazaratu eta gero jendeak jantziak edota buztana kendu behar dizkie; borroka latzaren ondoren, lortzen duena. | |
ZANPANTZAR Lapurdiko Inauterietan mozorrotutako gazteak piltzar edo zirtzilak deitzen dira. Etxez-etxe puskak biltzen dituzte bazkaria egiteko. Gero Zanpantzar izeneko pertso-naia, epaitu ondoren, erretzen dute. Zirtzilaz landa, herriko gazte kopuruaren arabera, Nafarroa Behereko kabalkadaren iduriko konpartsa antolatzen dute, banderaria buru delarik. Atzean kaskarotak binaka joaten dira, gorriak dirua biltzen, ponpierrak, kotillun-gorriak ikusleek aldentzen eta errautsak botatzen, azkenik jaun-anderia. Auzoetan eske dabiltzalarik dantza desberdinak egiten dituzte: Maska-dantza. Xinple, Marmutx, fandango, arin-arin, soka-dantza, Zapatain-dantza, kaskarot-martxa, Makil dantzak eta abar. |
ORHIPEAN
No hay comentarios:
Publicar un comentario