2013/04/30

IKUTZEKO ARTEA



IKUTZEKO ARTEA
 
   Martxoaren 22a, egun eguzkitsua. Osteguna da, eta, ohikoa den moduan ikasturte honetan, Bilboko Arte Ederren Museora joan gara gaur ere. Baina gaurko proposamena ezberdina izan da.  Aldez aurretik jardueraren izena besterik ez dugu jakin, Ikutzeko Artea, eta, egia esanda, jakin-minaz abiatu gara. Zer izango ote da?

   Ailegatu eta lasterrera Ikerrek eta Betitzek, ekintza honetako gidariek, zalantzak argitu dizkigute: itsuen munduan murgilduko ginen eta ilunetan bizi direnek errealitatea  zelan sumatzen duten ezagutuko genuen.

   Bikoteka jarri gaituzte, eta rolak banatu dizkigute: kide batek, begiak estalita daramala, itsuarena egingo zuen, eta besteak bere gidariarena. Honen eginkizuna funtsezkoa zela azpimarratu digute, bikotekidearen ziurtasuna bere esku zegoen eta. Gero, paperak aldatu behar genituen. Prest, orduan? Beheko pisura abiatu gara, astiro, urduri, begi barik, bikotekideari helduta, eta bere aholkuen zain estropezu ez egiteko. Harrigarria izan da zelan aldatzen den espazioaren dimentsioa iluntasunean. Galtzeko modukoa! Eta, bat-batean, konturatu gara zein arriskutsua bihur daitekeen edozein ekintza sinplea, adibidez, eskailerak igo eta baxatzea. Eskerrak bikotearekin goazela! Bere kontaktuak eta bere ahotsak babesa sentiarazi digute: lasaigarria da, benetan, lagun bat ondoan edukitzea. Eta konturatu gara, ere, zein gutxi baloratzen ditugun dauzkagun berezko altxorrak. Apur bat lasaiago, jada, hainbat eskultura zeuden gela batera heldu gara, eta hor, ukimenaren bitartez eskultura bakoitzaren materiala eta forma irudikatu behar izan dugu. Begiak estalita, argi ikusi dugu zein baldintzatuta gauden ikusmenagatik, eta zein gutxi garatu ditugun beste zentzumenak. Momentu berezia izan da: batzuen kasuan beldurra edo egonezina objektu ezezagun baten aurrean, nahiz eta jakin bizirik ez zegoela … bere zirrikituek eskua jango didate? Beste batzuk, arineketan eta azaletik ikutu dute, amaitzeko presa edukiko balute bezala; beste batzuk, berriz, patxadaz, lasai, goxotasunez laztandu dituzte eskulturak … Oso esperientzia ezberdinak, oso sentsazio diferenteak, oso erreakzio anitzak, gure taldea modukoak, baina aniztasunean dago aberastasuna.

                                                                                                                            4.DCko ikasleak



 

No hay comentarios:

Publicar un comentario