IKUTZEKO ARTEA
Martxoaren 22a,
egun eguzkitsua. Osteguna da, eta, ohikoa den moduan ikasturte honetan, Bilboko
Arte Ederren Museora joan gara gaur ere. Baina gaurko proposamena ezberdina
izan da. Aldez aurretik jardueraren
izena besterik ez dugu jakin, Ikutzeko Artea, eta, egia esanda, jakin-minaz
abiatu gara. Zer izango ote da?
Ailegatu eta lasterrera Ikerrek eta
Betitzek, ekintza honetako gidariek, zalantzak argitu dizkigute: itsuen munduan
murgilduko ginen eta ilunetan bizi direnek errealitatea zelan sumatzen duten ezagutuko genuen.
Bikoteka jarri gaituzte, eta rolak banatu
dizkigute: kide batek, begiak estalita daramala, itsuarena egingo zuen, eta besteak
bere gidariarena. Honen eginkizuna funtsezkoa zela azpimarratu digute,
bikotekidearen ziurtasuna bere esku zegoen eta. Gero, paperak aldatu behar
genituen. Prest, orduan? Beheko pisura abiatu gara, astiro, urduri, begi barik,
bikotekideari helduta, eta bere aholkuen zain estropezu ez egiteko. Harrigarria
izan da zelan aldatzen den espazioaren dimentsioa iluntasunean. Galtzeko
modukoa! Eta, bat-batean, konturatu gara zein arriskutsua bihur daitekeen
edozein ekintza sinplea, adibidez, eskailerak igo eta baxatzea. Eskerrak bikotearekin
goazela! Bere kontaktuak eta bere ahotsak babesa sentiarazi digute: lasaigarria
da, benetan, lagun bat ondoan edukitzea. Eta konturatu gara, ere, zein gutxi
baloratzen ditugun dauzkagun berezko altxorrak. Apur bat lasaiago, jada,
hainbat eskultura zeuden gela batera heldu gara, eta hor, ukimenaren bitartez
eskultura bakoitzaren materiala eta forma irudikatu behar izan dugu. Begiak
estalita, argi ikusi dugu zein baldintzatuta gauden ikusmenagatik, eta zein
gutxi garatu ditugun beste zentzumenak. Momentu berezia izan da: batzuen kasuan
beldurra edo egonezina objektu ezezagun baten aurrean, nahiz eta jakin bizirik
ez zegoela … bere zirrikituek eskua jango didate? Beste batzuk, arineketan eta
azaletik ikutu dute, amaitzeko presa edukiko balute bezala; beste batzuk,
berriz, patxadaz, lasai, goxotasunez laztandu dituzte eskulturak … Oso esperientzia
ezberdinak, oso sentsazio diferenteak, oso erreakzio anitzak, gure taldea
modukoak, baina aniztasunean dago aberastasuna.
4.DCko
ikasleak