2012/02/18

XABI, EUSKARA ETA KIROLA HELBURU

XABI, EUSKARA ETA KIROLA HELBURU



  Xabi Orube, lesakarra, euskara irakaslea dugu institutuan. Nafarroan hezitakoa, Gipuzkoan burutu zituen Euskal Filologia ikasketak. Lanak Bizkaira ekarri zuen eta berton finkatu du etxea eta familia sortu. Arabako zenbait ikastetxetan ere egin du lan. Eta Iparraldeak ere lekutxo bat izan du bere bizitzan.

  Sakonago ezagutu dezagun, gure galderei honela erantzun die.

Korrika egiten duzula esan digute, egia al da?
 Bai egia da. Nahiz eta orain alaba eta emaztearen haurdunaldia dela eta zertxobait alderatuta egon korrika kontua, asko gustatzen zait eta oso gustura egiten dudan zerbait da, batez ere erlaxatzeko eta gustura sentitzeko.

Noiz eta zergatik hasi zinen entrenatzen?
Herriko taldean lagunak futbolean hasi zirelako, ni ere futbolean hasi nintzen. Oso txarra nintzen, baina kirola gustuko dudanez egiten hasi nintzen. Gipuzkoako preferente mailan eta erregionaleko lehenengo mailan hainbat urtez jokatu nuen ikasle nintzela.
Lanean hasi nintzenean Iruñera joan nintzen lan egitera eta astean zehar ez neukan herrian entrenatzerik. Orduan korrika egiten hasi nintzen eta gustura egiten nuenez eta futbolean jarraitu ezin nuenez, aldatzea erabaki nuen. Korrikaren kontua aspaldiko kontua da. Gogoratzen dut hamar urte nituela esan zigutela ikastolan Irunen bazela lasterketa bat “Maraton txiki” izenekoa. Izena emateko esan ziguten eta entrenatu eta ezer prestatu gabe joan nintzen. 50 inguru izango ginen eta zazpigarren amaitu nuen. Gogoratzen dut sari moduan domina bat jaso eta sekulako ilusioa egin zidala. Une horretan hasi zen korrikaren  eta kirolaren kontua.

Gaur jarraitzen duzu korrika egiten?
Azken aldian umea eta haurdunaldia dela eta oso zaila da denbora lortzea, baina umeak jaio eta gero eta denboraz hobeto izatean saiatuko naiz hemendik edo handik denbora lortzen entrenatu eta lasterketak egiteko.

Inoiz hartu al duzu parte lasterketa batean?
Urtero joaten naiz Behobia-Donostia lasterketara, (azken urtean izan ezik) eta  Donostia, Gasteiz eta Bilboko maratoietan parte hartu eta hirurak bukatu ditut. Mendi maratoi erdi bat egin dut eta gustatuko litzaidake (ez dakit ahal izango dudan) mendi maratoi bat egitea (Zegamakoa ahal dela, izugarri gogorra bada ere), baina horretarako denbora eta gogo handia behar da behar bezala prestatu eta bukatzeko.

Zer garrantzia ematen diozu lortutako postuari?
Kirola gustatzen zaidan zerbait da kirol edo diru helbururik gabe. Kontua da egiten duzunarekin gustura geratzea eta lehena edo azkena izan edo saririk lortu edo ez gutxienekoa da. Hobby bat da besterik gabe. Lehenengo helburua ondo pasatzea da eta emaitzak gutxienekoa.

Beste kirolik praktikatu duzu inoiz?
Mendira joatea ere gustatzen zait eta gustatuko litzaidake errepideko txirrindularitza egitea, baina gaur egun errepidean dagoen trafikoa eta guraso izatearen ardura kontuan hartuta uste dut oso zaila izango dela holakorik egitea.

Jarraitzen duzu kirol profesionala?
Bai, futbola, esku-pilota eta txirrindularitza oso gustuko ditut. Atletismoa ere noizean behin ikusten dut baina atletismoa ikustea baino gehiago, egitea gustatzen zait. Motorrarekin zerikusia daukaten kirolak eta tenisa ez ditut jarraitzen.

Gaia aldatuz, ikasle garaian, zerk bultzatu zintuen zure espezialitatea, Euskal Filologia, aukeratzera?
Lesaka nire jaioterria beti euskalduna izan da eta gaur egun ere euskalduna da. Nire bigarren arrebak magisteritza ikasi zuen eta euskaltegi batean lan egin zuen garai batean eskolan lan egin baino lehen eta nire koinatu bat ere euskara irakaslea izan zen AEKn.

Kontua da hemezortzi urte nituenean (garaiko UBIn nengoen gaur egungo Batxilergoko bigarren maila) ez neukala oso argi zer egin nahi nuen. Agian etxean arrebaren eraginagatik edo erabaki nuen Euskal Filologia ikastea eta esan behar dut orain gustura nagoela orduan hartutako erabakiarekin.

Zein da irakurri duzun azken liburua?
Joan Mari Irigoienen Orbetarrak trilogiako bigarren alea irakurtzen ari naiz eta gustatuko litzaidake bigarrena bukatu eta hirugarrenarekin hastea. Horretaz gain, oso gustuko ditut historia liburuak. Nafarroako historia gustatzen zait eta urteko bigarren zatian hasi nahiko nuke Bilbo eta Bizkaiko historia ezagutzen hastea. Duela gutxi atera zen nire herri eta inguruetako gazteak nolakoak ziren orain dela 60-70 urte eta orain kontrabandoari buruzko istorioak kontatzen diren liburu bat oso gustura irakurtzen ari naiz. Uste dut gaur ditugun gauza onak ez ditugula behar beste balioesten eta liburu hauek irakurtzeak ditugun gauzak miresten lagundu dit.

Gustura irakurri zenuen zein liburu gogoratzen duzu?
El clan del oso cavernario edo Joanak-joan euskaraz eta gazteleraz irakurri nituen eta gogoratzen dut oso azkar eta gustura irakurri nituela.

Institutu garaiko ze liburu gogoratzen duzu eta zergatik?
Institutuan nengoen garaian oso liburu gutxi eta idazle gutxi zeuden euskaraz. Gogoratzen dut Gotzon Garateren Alaba euskaraz eta gazteleraz Pio Barojaren El árbol de la ciencia. Hala ere onartu behar dut gutxi irakurtzen nuela.

Liburu bat gomendatuko diguzu oporretarako?
Aspaldian ez dut Ken Follet-en libururik irakurri eta berak idatzitako edozein proposamen ona dela uste dut.

Bukatzeko, zure gustuko poema bat proposatu nahi diguzu?
Poesia kontuetan ez naiz batere trebea eta aspaldian ez dut poesiarik irakurtzen. Nahiago dut bertsolaritza egin eta entzun. Azken hiru txapelketa nagusietan egon naiz eta bitxikeri moduan esango dizut hildako izeba bati bertso bat idatzi eta elizan guztion aurrean abestu nuela. Horretaz gain, nire emaztearen lehengusu bat Katalunian bizi da eta bere semearen bataioan (meza katalanez izan zen) bertso bat abestu nuen.

Poemen artean Xabier Letek abestutako “Xalbadorren heriotzean” poema oso gustuko dut.

Adiskide bat bazen
orotan bihotz-bera,
poesiaren hegoek
sentimentuzko bertsoek
antzaldatzen zutena.

Plazetako kantari
bakardadez josia,
hiltzen lihoa iruten
Bere barnean irauten
oinazez ikasia...
ikasia.

Nun hago, zer larretan
Urepeleko artzaina,
Mendi hegaletan gora
oroitzapen den gerora
ihesetan joan hintzana.

Hesia urraturik
libratu huen kanta,
lotura guztietatik
gorputzaren mugetatik
aske senditu nahirik.

Azken hatsa huela
bertsorik sakonena,
inoiz esan ezin diren
estalitako egien
oihurik bortitzena...
bortitzena.

Nun hago, zer larretan
Urepeleko artzaina,
Mendi hegaletan gora
oroitzapen den gerora
ihesetan joan hintzana.

AMAIA RUIZ DE AZUA

No hay comentarios:

Publicar un comentario