2012/02/11

MENDIA ERRONKA BIHURTZEN DENEAN

MENDIA ERRONKA BIHURTZEN DENEAN

Asier Irazabal gorputz hezkuntzako irakaslearekin solasalditxo bat izan dugu bere zaletasunari buruz hitz egiteko

-     Beti izan duzu gustuko kirola edo noiz hasi zinen kirola praktikatzen?
Bai, txikitatik egin izan dut kirola, ikastolan hasi nintzen atletismo egiten. Niri batez ere banaka egiten diren kirolak gustatzen zaizkit eta bereziki mendiarekin lotura dituztenak.

-      Gaur egun,  ze kirol praktikatzen duzu?
Gaur egun mendiko lasterketak praktikatzen ditut.

-     Interneten irakurri dugu Ultra Trail bezala ezagutzen diren lehiaketetan parte hartzen duzula, baina zer da Ultra Trail lasterketa?

Ultra Trail menditik zehar egiten den lasterketa da, bere berezitasuna egiten diren kilometro kopuruan datza, maratoia baino gehiago izan behar direlako, hau da, 42 km. baino gehiago. Gainera etapa bakarrean egin behar dira, horregatik non-stop bezala ezagutzen dira.

Lasterketa mota hauetan hornidura puntuak daude janaria, edaria eta arropa aldatzeko edo atsedena hartzeko erabiltzen direnak. Baina hori bai, denbora ez da gelditzen eta zure kontra doa!

Lasterketa mota hauek mendizaleek sortuak izan dira, naiz eta gaur egun oso famatuak egin diren eta beste motatako kirolariek ere egiten dituzten. Mont-Blanc mendian egiten dena oso ezaguna bihurtu da eta ehun mila pertsonatik gora apuntatzen dira, nahiz eta bi mila pertsonek bakarrik hartu ahal duten parte.

-      Zelan prestatzen duzu honako motako karrera bat?
Lehenengo eta behin oinarria lortu behar duzu eta hori urte asko korrika egiten lortzen da eta beste alde batetik psikologikoki ere ondo prestatuta egon behar zara horren lasterketa luzeak egiteko, momentu gogorrak heldu ahal direlako.

-      Asko zaintzen duzu zure burua, janaria dela ohitura onak direla eta abar?
Egia esan askoz ere gehiago zaindu beharko nuke nire burua, baina ez dut gauza berezirik egiten. Niretzat lasterketa hauek zaletasun bat besterik ez dira eta ondo pasatzeko hartzen dut parte ez marka onak lortzeko.

-      E.Han Ultra Trail karrera bat egiten da, Ehun Milak deitzen dena, Zertan datza lasterketa hau?
Ehun Milak lasterketa Gipuzkoako mendiak zeharkatzen dituen lasterketa da, 168 kilometro dira guztira eta etapa bakar batean egin behar dira. Beasainen hasi eta han bertan amaitzen da.

-      Hartu duzu parte inoiz?  Noiz? Zenbat denboran egin zenuen?
Bai, 2010. urtean hartu nuen parte, bere lehenengo edizioan. Guztira 29 ordu egin nituen korrika eta 6. postuan gelditu nintzen.

-     Asko sufritu zenuen? Inoren laguntzarik behar da honako motako karre-retan?
Momentu batzuetan bai, baina lesionatuta ez bazaude eta burua ondo prestatuta baduzu aurrera egiten duzu. Egia esan, sinistu ere ez genuke egingo jakingo bagenitu gure muturreko gaitasunak zeintzuk diren eta lasterketa mota hauek hori agerian uzten dute.

-      Forma fisiko ona duen edonork har dezake parte honako karrera batean edo ondo ezagutu behar da mendia?
Ez, ez dago ondo ezagutu beharrik mendia, izan ere, ibilbidea markatuta dago. Baina lasterketa gogorrak diren aldetik, esperientzia oso garrantzitsua da eta batez ere norberaren mugak ondo ezagutzea.

-      Badago beste karrera famatu bat E.Han Hiru Handiak deitzen dena.  Azaldu apur bat zer den eta ea inoiz parte hartu duzun.
Hiru handiak bi urtetik behin egiten den mendi lasterketa bat da. Gorbeia, Aizkorri eta Anboto mendiak igo behar dira eta 100 kilometro inguru dira guztira.
Nik 2006. urtean hartu nuen parte eta 15 ordu egin nituen korrika.

-      E.H.tik kanpo ere hainbat karreretan parte hartu duzu ezta?  Zeintzuk?
Bai, nire lanak uzten dizkidan neurrian saiatzen naiz Ultra Trail lasterketa ezberdinetan parte hartzen.  Hauek dira parte hartu ditudan lasterketa batzuk


Lasterketa
Urtea
Kilometroak
Postua
Denbora
Ultra Trail Tour du Mont Blanc
2006
155 km
24.
25 ordu
Transgrancanaria 123
2009
123 km
7.
15 ordu
Trail Des Citadelles
2009
73 km
8.
9 ordu
Dead Sea Ultra Marathon
2010
48,7 km
6.
3:30 ordu
Andorra Ultra Trail
2010
112 km
20.
24:30
UltraTrail Ehunmilak
2010
167 km
6.
29 ordu
Ultra Trail Serra de Montsant
2010
97 km
6.
13 ordu


-     Badakigu ere Irla Reunion-en egon zarela, azaldu apur bat non dagoen irla hau eta zertara joan zinen

Reunion irla Frantziako itsasoz haraindiko esku-aldea da, Indiar ozeanoan dago, Madagaskar uhartetik 700 kilometrora. Uharte bolkanikoa da eta sumendi garaienak 3.000 metro inguru ditu. Hara joan nintzen Ultra Trail lasterketa bat egitera eta bide batez hango ingurua ezagutzera. Reunion irlan lasterketa honek tradizio handia du, jende asko aurkezten da eta hango komunikabideetan garrantzi handia izaten du.


-      Xebe Peña mendizale ezagunak bere garaian ibilaldi neurtu bat egin zuen E.H-ko mendietan zehar eta zuk ibilbide bera errepikatu zenuen.

a.    Zelan bururatu zitzaizun ideia hori?
Aldatz gora mendi taldeko partaide naiz eta han entzun nuen mendizale honek egin zuen ibilbideari buruz lehenengoz hitz egiten eta benetan ezinezkoa iruditu zitzaidan.

b.    Azaldu zertan datzan ibilbide honek eta zelan prestatu zenuen
Berak hegoaldeko 4 katedralak (Hiriburuak) zeharkatu zituen 4 egunetan. Ibilaldia Bilbon hasi eta Bilbon amaitu zuen.

Liburu bat dago Xebe Peñak egin zuen ibilbidea zehazten duena. Informazio asko dago: zein lekutatik egin zuen, zenbat denbora egin zuen, non gelditu zen eta abar. Nik liburu hau ardatz hartuta, poliki poliki prestatu nuen ibilbidea.
Kontuan izan Xebek 1953. urtean egin zuela ibilaldia eta gaur egungo Hego Euskal Herria zeharo aldatuta dagoela. Beraz lehenengo lekuak bisitatu nituen,  gaur egungo aldaketak ikusi, denborak kalkulatu eta informazio guztiarekin ibilbidea planifikatu nuen.

c.    Zenbat denboratan egin zenuen ibilbidea?
Kontuan izan hau ez zela lasterketa bat izan, baina bai erronka bat niretzat. Nik Xebe Peñak egin zuen marka bera egin nuen, hau da, 400 kilometro inguru lau egunetan. Lo, berak bezala, hiriburuetan egin nuen.

-      Zein izan zuretzako egin duzun karrera gogorrena?
Europako mendietan (Picos de Europa) egiten den eta Travesera bezala ezagutzen den Ultra Trail lasterketa da niretzat gogorrena. Ibilbidea ez da oso luzea, 75 kilometro dira, baina oso aldapatsua da gorabehera handiekin (2.000 m inguru) osatuta dago, beraz teknikoki zaila da.

-      eta gustukoena?
Mendizalea naizen aldetik, lasterketa mota hauek guztiak ditut gogoko, baina bat aipatzekotan Travesera bera aipatuko nuke, niretzat gogorrena delako baina era berean nire burua muturrera arte eramaten dudalako eta niretzat erronka handia delako.

Badago beste ibilbide bat deiadar-mendiak zeharkatzen dituena eta oso berezia dena. Gogoratu deiadar-mendien tontorretan sua pizten zela edo soinu-seinaleak erabiltzen zirela Bizkaiko Batzar nagusietara deitzeko. Bizkaiko deiadar-mendiak Oiz, Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube dira. Nik bostak igo nituen 41 ordu eta erditan.


-     Ze asmo dituzu 2012. urterako?
Udara arte lasai hartzeko asmoa dut, baina uztailean Txipre aldera joateko asmoa dut han egiten den Ultra Trail lasterketan parte hartzeko.

-      Ze aholku emango zenion mendiko karreretan parte hartu nahi duen jendeari?
Disfrutatzera joateko erlojuaren menpe egon barik.

Eskerrik asko Asier zure bizipenak gure artera ekartzeagatik.

AGATE

No hay comentarios:

Publicar un comentario