2012/04/28

ANTZINAKO KOMEDIA


AITZINAKO KOMEDIA, GAUR EGUN BIZIRIK


Latineko ikasleok, 4. mailakook, latinez idatzitako komedia bat ezagutzeko aukera izan dugu, Plautoren Gemelos antzezlana klasean irakurri baikenuen. Gure irakurketa antzeztua izan zen eta, egia esan, baliabide askorik ez genuen erabili horretarako. Eszenografia, zer esan?, asmatu dezakezue: arbelean egindako bi marrazki.

Baina nahikoa izan zen horrekin, eta ona esperientzia. Norberak bere papera irakurri zuen, guztiontzat pertsonaiak baitzeuden. Eta horrela K.a. III. mendeko gizartea gurera ekarri genuen.

Handik egun gutxitara, Campos Elíseos Antzokian lan berbera ikustera joan ginen, oraingo honetan Zaragozako institutu bateko ikasleak izan ziren aktoreak, guk baino baliabide gehiago erabili zituzten: musika, eszenatokia, arropa...; eta profesionalak ez izan arren, emanaldia oso atsegina eta kalitatezkoa izan zen.


Handik atera ginenean, pozaren pozez, bueltatxo bat egiteko aprobetxatu genuen; handik gertu Minerva jainkosa topatu genuen, baita Merkurio, jainko-jainkosen mezularia, ere.

Jakin nahi baduzue komedia honen argumentua, labur kontatuko dizuegu: Sirakusako merkatari batek bi seme biki zituen, horietako batekin Epidamnora (Albania) bidaia egin zuen eta bertan haurra, Menecmo izenekoa, galdu egin zen betiko. Merkataria, penaz, hil egin zen.

Berria Sirakusara heldu zenean, han geratu zen umeari, galdutakoaren omenez, izena aldatu zioten, eta honi ere handik aurrera Menecmo deitu zioten. Hau Menecmo II izango da gure komedian.

Bigarren Menecmo honek nagusitan mundua zeharkatuko du anaia galduaren bila; horrela Epidamnora helduko da. Bi anaiak fisikoki berdinak direnez, nahasketak hasiko dira: pertsonaia guztiek nahastuko dute bata bestearekin eta errakuntza horrek pertsonaien arteko eztabaidak eta egoera barregarriak sortuko ditu. Azkenean, bukaera zoriontsua izango da guztiontzat.

Eta hona hemen, latineko ikasleen iritziak:

“Antzerki interesgarria izan da; gainera meritu handia dauka K.a. III mendeko antzerkia izanik, oraindik antzeztea, eta gainera ondo antzeztea; nahiz eta klasean landutako antzerkiarekin alderatuta desberdina izan [...] Niretzat berria izan da horrelako antzerki bat ikustea eta, egia esan, asko gustatu zait [...] Antzerki hau edonori gomendatuko nioke, badituelako edozein motatako ezaugarriak: amodioa, barreak, borrokak... Edonork ikusi dezake antzerki hau” (Alazne Varona)

“Klasean, K.a. III mendeko komedia bat irakurri dugu, oso ondo pasatu dugu komedia hori antzezten eta momentu batzuk barregarriak izan dira. Nahiz eta aspaldikoa den istorioa, gustatu egin zait; gaur egun pelikula batzuk agertu dira gai berarekin, Tú a Londres y yo a California, adibidez” (Izar Verhorst)

“Hasiera batean, ez zidan algara gehiegirik eragin, baina onartu behar da bi bikiek zeukaten antzekotasunak zirela eta gertatutako txarto ulertzeak bere alde komikoa zeukatela” (Garazi Oñederra)

“Antzerkia aspaldikoa izan arren, nahiko ondo dago gaur egun irakurtzeko eta ikusteko, ez delako hain nabaria K.a. III. mendekoa dela. Gaur egungo pelikula bat, Tú a Londres y yo a California, istorio honen antzekoa da” (Miriam Ugarte)

“Ikusi genuen bertsioa ikasle batzuek antzeztu zuten. Antzezlana oso landuta zegoen: musika, soinua, argiak, akustika, eszenatokia, apaingarriak eta barneratutako pertsonai berriak oso ondo geratzen ziren. Azkenik irteera hau oso aberasgarri iruditu zait, eta klasean lan guztia guk geuk irakurtzea, antzeztuz asko gehiago” (Karla Berrojalbiz)

“Campos Antzokia ezagutzen nuen, baina bakarrik kanpotik [...] Ikusitako bertsioa ondo egon da, eta aktoreak ere ondo egon dira, (institutu bateko) ikasleak izan arren. Irteera, orokorrean, gustatu zait, eta gehiago egin behar genituen mota hauetako irteerak, ikasteko” (Irati López)

“Antzerkia ikustera joan gara, Campos antzokian, eta ez nuen ezagutzen. Arriaga bezalakoa da, [...] eroso sentitu naiz. Antzezlana gustatu zait, aktoreak onak zirelako eta istorioa polita delako. Gustatu zait irteera, merezi du gauza berriak ikasteko; eta gomendatuko nuke gehiago ikasteko” (Naia Bilbao)

“Inpresioa sentitu dut horrelako eraikin batean egonda. Antzezlana gustatu zait, entretenigarria izan da; aktoreen lana asko baloratu dut, oso ondo antzeztu dutelako” (Erlantz Rementeria).

“Latineko klasean irakurritako antzerkia gustura irakurri eta entzun nuen [...] Gaur egun oraindik umore hau gustukoa dugu, batez ere pertsona nagusiek. Joan ginen antzokia Campos izan zen, ni egonda nengoen. Ondo sentitzen naiz Bilbon horrelako eraikin bat egoteagatik. Gustura egon nintzen antzokian” (Aixa El Bani)

 “...antzerkia ikustera joan ginen, Campos Elíseos Antzokia. Oso leku polita iruditu zitzaidan. Ikusitako bertsioa ez zitzaidan asko gustatu, baina institutu batek egina izateko oso ondo egon zen. Irteera oso ideia ona iruditu zait, gainera ondo pasatu nuen”. (Ane López de Agileta)

4ºDBHko Latinezko ikasleak

No hay comentarios:

Publicar un comentario