2012/11/05

ARESTIREN KANTUEN GAINEAN: KRONIKA


“Arestiren kantuen gainean” Kantaldia Bilboko Kafe Antzokian. Kronika

 

Joan den ikasturtean Euskara eta Literatura irakasgaian 3. mailan eta 3. ebaluazioan poesia lantzea zegoen programazioan. Orduan gure poetarik maitatuenari buruzko proiektua egitea erabaki genuen. Lehenengo partean Harri eta Herri liburua aztertu genuen, eta bigarrenean Gabriel Aresti egileaz ikerketa txiki bat egitea izan zen gure helburua..


Emaitzak bikainak izan ziren. Oso gustura geratu nintzen egindako lanekin. Gainera, ikasleek, esan zidaten bezala, asko ikasi zuten Arestiri buruz. Denontzat ezagunak ziren kantak bereak zirela jakin zuten. Gainera, denok gogoan geneukan2011ko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen Kirmen Uribek Arriagako balkoian Egun da Santi Mamiña kantatu zuela.

Poetaren  79. urteurrena dela eta, Gabriel Aresti euskaltegikoek antolatutako kantal-dia eta erakusketaren berri izan eta berehala, joan behar genuela pentsatu genuen. Horregatik joan den urriaren 9an Kafe Antzokira hurbildu ginen Solokoetxeko 4. mailako ikasle guztiok eta irakasle batzuk.

Kantaldia ederra eta hunkigarria izan zen. Lehen Arestiren ahotsez bere poemarik famatuena entzun ahal izan genuen: Nire aitaren etxea. Gero Anje Duhaldek, Rafa Ruedak eta  Josu Zabala Arestiren 9 poema kantatu zituzten: Bizkaiko aberatsak, Guretzat, Aita-semeak, Egia da, Guk euskaraz, Gora ta gora beti, Urriaren 28 egun, Nire poesia eta Egun da Santimamiña.

Gu ere haiekin batera aritu ginen abesten. Leku berean 1976an Oskorrik Gabriel Arestiren Oroimenez diskoaren aurkezpenean egon nintzela gogoratu nien ondokoei. 36 urte beranduago nire ikasleek aurreko igandean Andoinerako bidean Kilometroak ekitaldira joan zirenean, autobusean kanta haiek abestu zituztela esan zidaten. Orduan ez genuen holakorik ezta amestu ere egin!

Itzuleran Barroeta Aldamar kalea zeharkatu genuen. Bertan Gabriel Aresti jaio zen. Gero, udaletxeko zubia igarota, Esperantza kaletik sartu ginen, frontoian dagoen Arestiren poesia irakurtzeko:

askaotik sendejara
bilbaon
esperanza
oso mehar, ilun eta laburra
da.

Datorren urtean 80. urteurrena ospatzeko zerbait berezia egin nahi zutela esan ziguten antolatzaileek. Adi egongo gara! (Seve Sánchez)



Orain dela aste bat, Sevek klasean komentatu egin zigun, Arestiren kantutegi bat egongo zela, eta guk esan genion joan nahi genuela. Bi egun barru klasera etorri, eta jolastordua baino lehen, ibiltzen joan ginen (Txema Lasa, 4B.)

Irteera hau 3. mailan egindako proiektuen amaiera finkatzeko izan zen. 11:00etan Solokoetxetik irten eta jarraian Kafe Antzokira joan ginen. Han, iparraldetik eta beste leku batzuetatik etorritako hiru kantarik Gabriel Arestiren kantuak abestu zituzten. (Garazi Olarieta, 4B)

Pasa den astean Gabriel Arestiren 79. urteurrena ospatzen zen Kafe Antzokian. Irakasleak klasean Kafe Antzokira joateko ideia proposatu zuenean guztiok baietz esan genuen birritan pentsatu gabe. Aurreko urtean Gabriel Aresti izan zen gure euskara proiektuen jaun eta jabe. Irakaslearekin, Severekin, Gabriel Arestiren Harri eta Herri liburua irakurtzen egon ginen. Ondoren horri buruzko ikerketa lanak egin genituen: bere poemak, liburuak, biografia… Honi guztiari esker, orain Gabriel Arestiren “adituak” garela esan daiteke. (Olatz Lopez, 4B)

Irteera Gabriel Arestiri buruz zen, eta Kafe Antzokian izan zen. Ez zen irteera normal bat: ez ginen joan museo batera, baizik eta Arestiren kantuak entzutera eta bere bizitzako une batzuk nolakoak ziren entzutera.(Xabier Lope, 4C)

Solokoetxe institututik atera ginen, eta bidean gure euskara eta bertso irakasle ohiarekin topo egin genuen, Belen Aurrekoetxearekin. Ondoren, gure bideari ekin genion. (Adrián Tomillo, 4C)

Bidea laburra izan zen. Heltzerakoan, Kafe Antzokira sartu eta eskenatokian 3 aulki, bi gitarra eta trikitixa bat zeuden. Hiru gizonek, aulkietan esertzerakoan, zerbait azaldu zuten Gabriel Arestiri buruz eta abesti bat abesten zuten. (Asier Fernandez, 4A)

Pasa den astean, Arestiren jaiotzaren 79. urteurrena izan zen, eta ekitaldi asko egon ziren bertan astean zehar. (...) Antzokira heltzean, Arestik bere ahotsarekin grabatutako poema entzun genuen: nire aitaren etxea defendituko dut. Benetan hunkigarria izan zen. (Peru del Hoyo, 4C)

Heltzean, eskenatokira joan ginen, eta aulkietan jesarri ginen. Orrialde batzuk eman zizkiguten bertsoen letrekin, eta hiru gizon hasi ziren kantatzen eta abesten. Nire kanturik gustukoena lehenengoa izan zen, Guretzat deitua. Oso alaia iruditu zitzaidan. Jendea asko animatu zen Egun da Santi Mamiña abestu zutenean. Batzuk ez ziren adi egon. Kanta batzuk bete batzuk baino hobeagoak izan arren, kanta guztiak oso ondo egon ziren, eta, nire ustez, irteera hau oso interesgarria izan da. (Mikel Egiguren, 4C).

Solokoetxetik hamaiketan atera, eta Kafe Antzokira hamaika eta erdietan heldu ginen. Lehendabizi ikasle batzuk beheko solairuan jesarri egin ginen. Ondoren kantaldia hasi zen. Lehenengo zatian lotsaturik, baina bigarrenean guztiok abesten hasi ginen. (Markel Gallego, 4A)

Giroa oso ona izan zen, eta oso gustura egon ginen denok haiekin batera kantatzean. Abestiak bukatu ostean, eskenatokira igo ginen zeuden informazio taula batzuk eta argazkiak ikusi eta irakurtzera. (...) Niri asko gustatu izan zait irteera hau, eta espero dut hurrengo urtean ere errepikatzea, 80. urteurrena dela eta. (Libe Ranero, 4C)

Gu nahiko animatuta egon ginen txaloka, barreka eta oihuka, baina ez dut uste ekitaldia ikustera joan ziren besteak molestatzeko beste (Suhar Txabarri, 4C)

Abestien artean Gabriel Arestiren bizitza kontatu ziguten. Bertan guztiok abestiak kantatu genituen, hala nola, Egun da Santi Mamiña.... (Josu Eguren, 4B)

Gainera, Gabriel Arestiren ahotsez bere poemarik famatuena entzun genuen: Nire aitaren etxea. Horrez gain kantu bakoitzaren aurretik aurkezpen txiki bat egin ziguten testuingurua hobeto ulertzeko. Erakusketa bat ere ikusi genuen, 14 panelez osatua. Bertan Gabriel Arestiren bizitza pertsonala eta literarioa ikusteko eta bizitzeko aukera izan genuen. (Irati Cabrera, 4B)

Kantaldia oso ondo egon zen, baina abestien zati batzuk saltatu egin zituzten. Horretaz aparte oso ondo egon zen, eta momentu dibertigarriak ere egon ziren. (Erlantz Gonzalez, 4A)

 Oso dibertigarria iruditu zitzaidan, bakoitzari paper batzuk eman zizkigutelako eta abestiak ez bagenekizkien, paperean ikusten genituen eta bada. Guztiak gustatu zitzaizkigun, baina gehien Egun da Santi Mamina, denok kantatu genuelako ahots gora, eta oso dibertigarria geratu zen.  Azkenik, hamar minutuko hitzaldi bat entzun genuen. Asko gustatu zitzaidan, pasa den urtean Gabriel Arestiren bizitzaz lanak egin genituelako eta hitzaldiaz gehiago enteratu nintzen. (Nahia Angulo, 4A)

Azkenik eskenatokian zegoen erakusketa ikusi genuen. Gabriel Arestiren bizitzaren argazkiak eta gari horretako egoerarenak ziren, politak eta gainera interesgarriak bere bizitza ulertzeko. Dena ikusten bukatutakoan, ikastolari itzuli ginen, Esperantza kaletik pasatuz, Gabriel Arestiren ohorez dagoen plaka irakurtzeko. (Ane Barros, 4A)

Ikastolara bueltatzean Arestirekin lotuta dauden leku batzuk ikusi genituen Bilbon. Horrela pasa den urtean hasitako proiektua bukatu egin dugu. Oso ondo pasatu genuen abesten... Joan ginen eskola bakarra gara, eta azken abestian aulkitik altxatu eta abestu genuenez, han zeuden nagusiak oso pozik zeuden gurekin. Egun ona izan zen orokorrean. (Nagore Ibarzabal, 4C)

Egia esan, oso ondo pasatu genuen, eta dibertigarria izan zen Gabriel Arestiren poemak abestea. Errepikatzeko modukoa izan zen. Pena bat da Gabriel Arestik hau ezin ikusi izatea. Ziur nago hau ikusi izan balu, oso pozik egongo litzateke (Aitana Espin, 4C)

Kantaldia oso polita izan zen, eta gainera Gabriel Aresti idazle bilbotarraz gauza gehiago ikasteko aukera izan genuen eskenatokian osatutako erakusketagatik,  Arestiren argazkiekin eta hainbat idazkiekin. (Ioritz Axpe, 4 C)

Pasa den urtean Gabriel Arestiren bizitzari buruzko lan bat egin genuen, eta bere poesiaz disfrutatu eta ikasi genuen Harri eta Herri liburua irakurriz. (...) Oso ondo pasatu genuen denok. Batzuek ez zioten kantatzeari utzi. Horrelako irteerak errepikatzea gustatuko litzaidake. (Nekane Macho, 4B)

Nire ustez oso aberasgarria da eskolatik horrelako irteerak egitea. Eta espero dut beste horrelako irteera gehiago egitea, gure partetik oso jarrera ona erakutsi geniolako, eta ikasteko ere balio izan zuelako (Unai Alvarez. 4,B)

Primerako eguna izan zen, Euskal Herriko poeta famatuaren eta onenaren irteera eduki genuen. Pasa den urtetik espero genuen irteera izan zen. Guztiok irrikitzen itxaron genuen, baina azkenean merezi izan du itxarotea. (Peio Perez 4B)

Kantutegi txiki bat eman ziguten abeslariekin batera kantatzeko. Abestiren bederatzi abestirik famatuenak zeuden orri horietan baturik. Hasieran abeslariek bakarrik egiten zuten kanta: inor ere ez zen ausartu abesten, ezta atzean genituen helduek ere. Baina azken hiru kantetan dena aldatu zen: ikasleak gehiago animatu ginen, baita atzeko pertsona nagusiak ere. Amaitu eta gero, beste abesti bat eskatu genien. Abeslariek gure eskaerari baietza eman, eta Gora ta gora beti abestu zuten berriro. (...) Arestiri buruz gauza asko genekiela uste genuen, baina beti dago zerbait ez dakiguna, eta inoiz ez da momentu txarra zertxobait gehiago ikasteko. (Iragartze Martinez, 4A)

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario