2019/06/09

MIKROPLASTIKOAK


MIKROPLASTIKOAK MEGARRISKUAK


Maiatzaren 11an, Bilboko Zientzia azoka ospatu zen Plaza Berrian. Urtero bezala, Solokoetxeko laugarren DBH-ko eta lehenengo batxilergoko hainbat ikasle aurkeztu ginen urtean zehar landutako ikerketa proiektuekin. “Mikroplastikoak Megarriskuak” izeneko proiektua aurkeztu dugu. Laura, Maialen, Izaskun eta laurok izan egon ginen goizeko hamabietatik arratsaldeko zortzirak arte.
Gure ikerketa, gel exfolianteetan aurkitu ahal ditugun plastiko edo polimeroak izan du ardatza.

Hasteko, mikroplastikoen inguruan, naturari kalte egiten dioten arazo batzuk planteatu genituen. Besteak beste, non aurki ditzakegun, nolakoak diren, zertarako erabiltzen diren eta nola ekidin ditzakegun.

Honekin batera, hipotesi eta helburu batzuk ezarri genituen, proiektu osoan zehar jarraituko genituenak. Gure hasierako hipotesiaren arabera, mikroplastikoak eguneroko produktuetan aurkitu ahal ditugu, esate baterako, egunero erabiltzen ditugun kosmetikoetan. Gure kasuan, gel exfolianteetan zentratu gara eta hiru gel lagin gisa erabili ditugu.

Ildo beretik, gure helburu nagusiak  mikroplastikoak aurkitzea eta jendea arazo honetan kontzientzia sortzea izan da.

Gero, mikroplastikoak aurkitzeko, filtrazio prozesu sinple baina eraginkorraz baliatu gara, hainbat pausu jarraituz, 3 exfoliante ezberdinekin.

Behin nahasketa osoa filtratuta, iragaz paperean lortu nahi genituen hondakin batzuk geratzen ziren. Horiek hartu, sailkatu eta petri-plaka ezberdinetan gorde genituen.

Hauts horiek mikroplastikoak diren ala ez egiaztatzeko, laborategian ditugun mikroskopio batzuekin behatu genituen, eta gure harridurarako, bola perfektuak aurkitu genituen. Esfera borobil-borobil hauek ez ziren batere naturalak eta suposatu genuen polimero motaren bat zirela, hau da, plastikoa. Hala ere gure teoria egiaztatzeko, Bilboko Ingeniaritza eskolara jo genuen. Hor FTIR espektrometriako froga gauzatu genuen, non izpi infragorriak erabiliz  ikusi ahal izan genuen gehien agertzen zen polimeroa polietilenoa zela.

Ondoren, hainbat ondorio atera genituen polimero hauen erabileraren ildotik. Besteak beste, ekosisteman eragin handia izateaz gain, gizakioi ere eragin ahal digun partikula dela. Horrelako substantziak itsasora isurtzen dira eta arrainek janez  gero gure kate trofikoan sartzen dira.

Hau dela eta, hainbat proposamen ditugu arazo hauek ekiditeko, horien artean etiketak begiratzea eta polietilenoa duten produktuak ez erostea, exfoliante naturalak etxean sortzea edo dendetan erostea eta enpresa eta gobernuei exijitzea material mota hauek debekatzea.
                                              
                                                                                  MARTIN CACHO  (Batx. 1.A)

No hay comentarios:

Publicar un comentario