2016/11/29

AZAROAREN 25.A



2016ko azaroaren 25a, barikua,
bariku beltza.


Astelehenean klasera sartu eta hara! Irakasleak txapa morearekin topatu genituen. Noski, bariku beltza heltzear zegoen, ahaztuta geneukan. Aste guztia igaro genuen horrela; egunerokotasunaren berdintasunean, txapa morea soinean zutelarik. Eguna heldu zen arte.

Ikasleon ekimena ikastetxetik kanpo burutzea erabaki genuen, gure zeresana kontuan har zitzan. Sarreran jarri ginen, batzuk lurrean eta besteak zutik, kandelak eskuan, hileta bat antzezteko asmoz; egunean behin balitz ere, emakume erailak gogora ekartzeko.

Ikasgelara sartu eta zera esan zigun irakasleak: “Gaur ere, beste emakume bat erail dute”. Hau ez da gure bakea pentsatu nuen nik. Mendeak eman ditugu ixilik, ez dago minutuko isilunerik jadanik.

Kaleak hartu genituen arratsalde eta gauean zehar Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Hala ere, ez genituen behar bezain beste bete, izan ere, aste osoa txapa morearekin eman zuten hainbat, etxeko berotasunean gelditu ziren arratsalde pasa, hozteko arriskua zegoen eta, badaezpada.

Erakusleihoetan eder eta lirain irudikatu gintuzten berriz ere ostiral beltzean, guda honek ez baitauka su-etenik. Eta haserretu egin ginen, haserre jarraitzen dugu gaur ere. Baina aspaldi da haserre bizitzen ikasi genuenetik, eta egunerokotasunera itzuli ginen, uneren batean alde batera utzi bagenuen.

Gaur astelehena da berriro, astebete igaro da, denak normaltasunean darrai; filosofian gizonak soilik landuko ditugu, haiek hartu dute lekua “kurrikulumean” eta ez dago denborarik muga horietatik ihes egiteko. Espainiar literaturan ere, emakumeak aipatu ere ez. Espainiako historian aldiz, bai. Herrien babesle eta heroien emazte zein alabak aipatuko ditugu, heroi horien “zerbait” izatearen etiketarekin beti ere.

Etxera iritsiko naizenean ere, ez dut berririk aurkituko; ama arropak atontzen topatuko dut. Bazkaria amaitu eta fregona eta harrikoa hartuko ditut nik nire gain. Aita, iristean, sofan eseriko da eta zerbait hautatu behar izatekotan, sakelakoa aukeratuko du berak. Hala da, bai, ni ere emakumea naiz.
                                                                                                      Eztizen Artola Iturrate


No hay comentarios:

Publicar un comentario